XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Iduri luke haatik Hendayako bilkuraren phizlek hastapenean seurik zuten asmo berezia, orthografaren edo hitzen idatz-moldearen chuchentzea eta berdintzea zuketela: Etudier l'unification de l'orthographe basque et en arrampecirc;ter si possible les régles philologiques basées sur l'euphonie euskarienne

Horra, hitzez hitz, Guilbeau'k zer iskiriatu zioten bilarazi nahi zituen jauner.

Gisa hortan, jadanik erran dugun bezala, bilkura goizeko bederatzi orenetan hasi zuten.

Gero, eguerdi jin baitzitzaioten lana bururatu gabe, gure gizonak, joan ziren bazkaiterat, bakotcha bere alde; haatik, kafeak elgarrekin hartu zituzten Legarralde'baitan, gero gei berari berehala lotzeko aratsaldeko bi ordutan.

Bainan hautatu zuten lan-geia zaila eta nekhea zelakotz, orthografarik ez zuten, ez chuchendu ez berdindu aratsaldean, goizean baino gehiago; beldur gintazke asko phondutan ez ziren ere soberarik akort, eta pochi zonbeit hizkatu zirela.

Dena den, sail hori utzirik eta pilota partida eder bat ikusi ondoan, goizeko hogoi eta hameketarik hamasei gelditu ziren oraino arats hartan berean elgarretaratu zirenak, eta horra nun, orthografa aldi huntan bazterrerat utzirik, eta beharrik, erabaki hau hartu zuten: Eskuararen beiratzeko, zaintzeko eta haren alde lan egiteko, batasun bat eraiki behar zutela, eta berehala.

Ez balinbaziren soberarik akort, orduko kazetek diotenaz, orthografa horren churru-burru guzietan, eskuararen alde lan egiteko haatik bat egin zuten denek berehala, su berak baitzarabilzkan, eta buruzagitzat segidan hautatu zituzten: Adéma kalonjea lehen buru, Arturo Campion eta Sabin Arana Goiri bigarren buru, Martin Guilbeau idazlari, J.-B. Daranatz apheza idazlari-lagun, Léon Hiriart diru-zain, eta horien aldean jarle edo lagun: Arbelbide eta Azkue aphezak, Broussain, Carlos Guerra, Serapio Mugica eta Lagaz Iruñako aphez bat.

Horra beraz, laburzki, orduko kazetak eta idazkiak lekuko, gure batasunaren hastapen eta erroa.

Bainan, sortarazi ondoan, erran gabe doha hainitz bazela oraino egiteko: hasteko, hamaseiek azken bilkura hortan hartu erabakia han ez zirener onhartarazi beharra zen; (...).